XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etxegarai kardenalari errefuxiatuei buruz gutuna eman.

BAIONA (EGIN).

- Euskal Errefuxiatuen Laguntzarako Elkarteak gutun berezia eman dio eskura Etchegaray Kardenalari. Gutun honen bidez errefuxiatuen egoera larria agertzen dio, nahiz eta kardenalak gai honetaz nahiko berri baduen.

Hona hemen gutuna: Egun zure sorterrian zaudelarik zureganat etortzen gakaizkizu euskal errefuxiatu politikoen aldeko Elkartearen izenean.

Urrats hori ez da haatik lehenbizikoa.

Duela zenbait aste paper bat igorri genizun gure anaien zortearen berri ematen zizuna.

Ez du aspaldi Aita Sanduari hemengo apaiz multzo batek letra edo gutun bat igorri diola zure bitartez; beraz, situazione hau ezagutzen duzula badakigu eta horretan luzatzea ez zaigu baitezpadakoa iduri.

Halere, horra laburzki aste bi honetan gertatua: gose greba hogeita hamabost lagunek eramanik hogeita hamalau egunez; errefuxiatu bat tirokatua izan da Miarritzen; aldiz, gure manifestazioneak debekatzeaz bestalde, Administrazioneak ez du deus esan, ez entzutearena egin du luzaz.

Halere, joan den astean, bilkura inportantea egin behar zuten Kontseilari Jeneralek; gibelatua izan da, baina laster egingo dela uste dugu.

Euskal apaizak ere errezibitu ditu subprefektak.

Lapurdiko mera multzo batek aterabide baten beharra garbiki agertu du, beraz, gauzek antola daitezkeela iduri dute, ezen eta korapilo horrek badu aterabide, eta hauxe da: errefuxiatuei berriz ematea lehenago zuten errefuxiatu politikoen Estatutoa.

Estatuto hori frantses gobernuak murrizten du joan den urtarrilean.

Joko tzar horren aitzaki Espainiako Konstituzione berria.

Ez dugu ahanzten ahal euskal populuaren gehiengoak edo maioriak Konstituzione hau ez duela onartu azken bozketan.

Familia, adiskideak, denak utzirik hona etortzerat behartuak izan diren euskal errefuxiatuek, hemen bizi nahi dute, hemen, Euskal Herrian.

Valensolen eta halako lekuetan bizitzea ez dute nahi, nahiz eta batzu poliziak harat eraman dituen.

Gure ustez, zuk zerorrek, euskalduna izanik eta zure sorterrian egonik, sendi dukezu sentimendu hau bai eta hemen bizitzeko nahikunde azkar hau ere.

Badakizu ere zein pixukoa litzatekeen zure urratsa zerbait egin bazineza errefuxiatuen alde.

Hau da, hain zuzen, hemen galdegiten dizuguna, errefuxiatuen alde publikoki agertzea berek behar dituzten aferak berak defendituz; euskal errefuxiatu politikoen Estatutoa lanean hartzeko eta hemen egoiteko kartak; hemendik kanporatzea eta urruntzeak gelditzea; Euskal Herrian bizitzeko euskaldun guztiek duten eskubidea errespetatzea.

Aitzinetik mila esker zure laguntzagatik.

Ezpeletan, irailaren 30ean.